XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zergatik ez zidan erantzuten? Benetan nik inposatu ote nion nire presentzia eta bera damuturik zegoen? Ala ez ninduen han nahi?

Errezatzen hasi nintzen isilean. Mesedez, Jauna, ez daitezela galdera burugabe hauek egia bihurtu, momentuko beldurrak sorturiko paranoiak besterik ez daitezala izan... Arren Jauna...

Agian hiru segundo pasa ziren. Agian gehiago. Ez dakit. Baina azkenik, desiratzen nuen erantzuna eman zidan. Eta hala ere, ez nintzen kontent geratu. Alderantziz baizik.

Ez da hori, ez duzu ulertzen. Gazte hilko naiz, nik ez dut gerorik. Eta horregatik, ez zaitut nirekin errestan eraman nahi malenkoniarantz, bizitza gris eta triste baterantz. Dena da alferrikakoa...

- Gezurra diozu!

Ez nion besterik entzun nahi. Burua astindu eta begiak itxi nituen malkoak eror ez zitezen. Gorroto nuen oso inork niri nigarrez ari nintzela so egitea.

Tomengandik ezer gehiago ez entzuteko, ihes egin nuen ahal bezain azkar nire egun haietako logela berrirantz, eta han ezkutatu nintzen, bertan askatuz barneko ur gaziak, gauaren iluntasun isilak inguratu ninduen artean.

Gau hartan ez zegoen dolua besterik geure inguruan. Ia uki zitekeen, sentitu, usaindu...

Eta une batzuetan, isilunea apurtu zen eta blues triste bat entzun.

Geure sentimendu minduen adierazgarri erreal hutsa.

Banekien ezingo ginela betiko paradisu hartan ezkutatu.